XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zezen suzkoaz amaituko dira aurtengo Santixabelak

Hasi berriak diren Sanferminei lekua utziaz, gaur gaueko hamabitan zezen suzkoak egingo dituen itzulien ondoren amaitutzat ulertuko dira Santixabel festak.

Aurretik halere, festa egun mamitsu bat dastatzeko aukera izango da.

Esnadeia egin ondoren, nahiz eta hori gaupasa egin dutenentzat alperrikakoa izango den, Ttuntturroak hasiko dira Elizaldea eta inguruko auzoetara euren danbadak eramanez, eta horretan ibiliko dira egun guztian zehar, tarteko atsedenaldiak salbu noski.

Goizeko 8ak eta 12ak bitartean Arrantza Lehiaketa egingo da Puntapax errekan; 11tan hasirik, lokotx bilketako norgehiagoka, Toka lehiaketa, eta arratsalderako onenak hautatzeko Sokatira taldeen arteko kanporaketa saioa.

Eguerdiko tarte batean, herriko dantzarien saioa.

Ordubitan Ageri-Alde Ikastetxeko jangelan, herriko zaharren bazkaria.

Arratsaldeko 5etan, ikusmiran egoteko saio luze bati emango zaio hasera.

Hor izango dira sokatirako finalak, aizkolarien erakustaldia, eta bitartean Sukaldari Lehiaketako partaideak bere janariak prestatuko dituzte, sagardo probaketa bat egiten denakin batera.

Gaueko 11k aldera ekingo diote dantzaldiari Mimxoriak taldekoek.

Geroxeago atseden bat egin eta zezen suzkoa aterako da aurtengo festak amaitzen direla iragarriz.

Beranduago arte jarraituko du dantzaldiak, festei erabateko amaiera emanaz.

Dantza saio bikaina

Frontoira jende ugari hurbildu zen ostegun gauean egunean zehar jasan genuen beroa ahaztu nahiean, eta udako gau giro apartak animaturik.

Usurbilgo Dantza Taldeak eskainiko zuen dantza saio berezi hori zertan datzan jakin minean, ez bait genuen aspalditxoan ikusi herriko jendea horrelako espektakulu bat eskaintzen bertakoei.

Saio polita eta entretenigarria izan zen:

Bertan dantzariak, bertsolariak eta abeslariak ikusi eta entzun ahal izan genituen.

Dantza izan zen ardatz nagusia eta dantzariek jazkiak aldatzeko behar zuten denbora bertsolariak batzutan eta abeslariek bestetan bete zuten.

Esan beharra dago, lan bikaina egin dutela urtean zehar.

Musika, jazkietan eta koreografian, auzoetato festetan ikusita, ahalegin handiak egin dituztela begi bistan geratu da.

Badirudi, partaideek diotenez motibazio falta zegoela taldean eta horrelako montai bat egitera animatu zirela hori gainditzeko.

Antolaketan taldea bera aritu da, eta laguntzak ere izan dituzte.

Dantzak erakusten Oskar Aierbe eta Ramon Uribe, argiekin Joseba eta jazkiak Lasarteko Ibargi Taldea izandakoarenak.

Haserako urduritasunak gainditurik, azkenerako saioa borobiltzea lortu zuten, taldeak aurrera jarraitzeko bidea badaukala erakutsiz, bertan ideiak eta gogoa bait daude.